Zer da?

2024an eman zituen TAUPA, euskaltzaleen mugimenduak, Atsolorra erritua biziberritzeko lehenengo pausuak.

Euskal hiztunen sarea egituratzeko ALTZOLORRA bezalako ohiturek berebiziko garrantzia dutela iritzita, ikerlari eta antropologoen azterlanak bildu eta herritarrei igarotze erritu gaurkotu bat eskaintzea zuen helburu egitasmoak.

Izenaren moldaketatik bertatik hasita (Atsolorra da jatorrizko erritua), arbasoen legatua jaso eta herriz herriko esperientziekin uneoro gaurkotuz eta aberastuz doan proiektua da hau; beti ere aniztasunean, elkar-zaintzan, elkartasunean eta berdintasunean egituratutako komunitatea eraiki asmoz.

Izan ere, pertsonok izaki sozialak gara oroz gain. Eta taldean ospatutako ohiturek ezberdinen arteko harreman sareak osatzeko daukaten gaitasuna izugarria da. 

Baloreak

Erritu berritu honen helburua iritsi berri diren 0-6 urte bitarteko haurrei eta bere familiei harrera kolektiboa egin eta komunitatera ongi etorria ematea da.

Tokian toki, herri bakoitzean lekuko ezaugarri eta bereizgarrien arabera antolatu daiteke ALTZOLORRA. Baditu, edozelan ere, oinarri amankomun batzuk:

EUSKARA ARDATZ

Euskaran gara herri

ALTZOLORRAk, komunitatea kohesionatzeko egitasmo gisa, askotariko herritarrak euskararen ardatzean bildu nahi ditu. Etorri berrien harreran beste hainbat hizkuntzek ere badute lekua, dena den. Horrexegatik, beste hizkuntzatan ere eskaintzen dira ospakizuna gorpuzteko sortu diren euskarriak.

ZAINTZA KOMUNITARIOA

ALTZOLORRAK komunitatea du ikur eta auzolana lanabes

Ospakizunak eremu pertsonala eta kolektiboa uztartzen ditu, norbanakoari babesa emanaz. Etorri berrien gizarteratzea eta guraso bilakatzeko prozesuak (haurdunaldiak, ernalketa prozesuak, adopzioak, harrerak, erditze eta erdiondokoak…) modu oso bakartian bizi dira gaur egun. Komunitatera etorri berriaren inguruan sareak josi eta lehenengo pertsonari zaintza plurala eskainiz, ALTZOLORRAK komunitatea trinkotzeko aukera ematen du.

JATORRIRA BEGIRADA/TRANSMISIOA ERDIGUNEAN

Belaunaldi berriak berdintasunean hezteko abagunea ematen du ALTZOLORRAK. Erritoaren jatorrian emakumezkoek zeukaten rola aitortu eta transmisio lana eginaz, berdintasuna, erantzukizun partekatua eta naturarekin hartu-eman sanoagoa sustatu nahi ditu erritu berrituak.

PROSEZU IRAUNKORRA

ALTZOLORRA eskaintzen duen zaintza eremua ez da jaiotza ondorengo egunetara mugatzen. Aitzitik, herritar batek haur bat izango duela erabakitzen duen unean bertan hasten da, eta etorri berriari edo gurasoei eskaintzen zaien laguntza komunitarioak kide berri baten etorreraren prozesu osoa hartzen du.

ONGI ETORRI OSPAKIZUNA

Komunitatera iritsi berriari herritarrek egiten dioten ongi etorri ospakizuna da ALTZOLORRAren mugarria.  Garai batean egiten zen emakume bilkura hura garrantzi handiko gertakaria zen komunitateko kideentzat. Lehenean sustraitu eta orainean loratutako ospakizun gaurkotuak ere poza, kolorea, ilusioa eta alaitasuna ditu bereizgarri.

Herrietarako esperientziak

ALTZOLORRA biziberritzeko ahaleginean ari dira jada zenbait herri: Aramaio, Aretxabaleta, Ereñotzu, Eskoriatza, Lasarte Mendaro, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Oreindain, Urduña…

Herriotan nola ekin zioten lanari jakitea baliagarri suertatu dakizueke ALTZOLORRA biziberritzeko asmoa daukazuenei.

Testigantzak

Taupak erritu hau berreskuratzeko prozesua abiatu eta gidatu duen arren, gure aurretik badaude Atsolorra jatorrizko errituaren inguruko ikerketak egin eta testigantzak jaso dituztenak. Hauen lana oso baliagarria izan zaigu gure prozesuen abiapuntu gisa eta orain, zuei eskaini nahi dizkizuegu, Atsolorraren nondik norakoak hobeto ulertu eta antolatuko dituzuen Altzolorrek esentzia hori mantendu dezaten.

Dokumentazioa

Atsolorra, Euskal jaiotze erritua Ereñotzun ikerketa. Idurre lekuona. 2019-05-14

Euskal jaiotza-erritua: atsolorra artikulua. Mari Carmen Basterretxea.

Urtean zehar jaiotako haurrei ongi etorri ekitaldia egiten udal ordezkariek herriko jaietako igandean (irailean). Haur jaio berriei aurreskua dantzatu, jaietako zapia jarri eta lora bana oparitzen zaie.

ARETXABALETA

Udalak gutun bat bidaltzen die urte horretan jaio diren haurrei eta bere familiei “Haur jaio berrien bertso liburuan” parte hartzeko aukera eskainiz. Parte hartu nahi izanez gero, argazki bat eta haurrari buruzko datu gutxi batzuk emateko eskatzen zaie. Informazio horrekin bertso eskolatik ume bakoitzari bertso bat egiten zaio, maketatzaile batek argazki bana eta irudiren bat gehitzen ditu eta liburua osatzen da. Abendu hasieran egiten da aurkezpen ekitaldia. Bertso pare bat edo kanturen batekin laguntzen da. Ondoren liburuak banatu, talde argazkia atera eta luntxa egiten da.

EREÑOTZU

Apirileko igande arratsalde batean ospatzen da Atsolorra Ereñotzun. Familiei ongi etorria emanaz hasten da Ereñotzun egiten duten ospakizuna. Ondoren, kantu-jolasak, opari banaketa eta merienda egiten dute.

Ekainaren 28an ospatzen dute Altzolorra Eskoriatzan, jaietako lehen egunean, txupinazoa baino pare bat ordu lehenago. Alkatea eta zinegotziak gidatzen dute ongi etorri ekitaldia eta parte-hartzen duten familien jatorrizko hizkuntza guztietan egiten da. Ekitaldia haurrak banan-banan aurkeztuz eta alkateak sinatutako gutun bat banatuz amaitzen da. Merienda egiten dute ondoren.

LASARTE

Lasarten, haur bat jaiotzen denean hitzordua jartzen du Udalak gurasoekin. 30-45 minutu artean harrera linguistikoa egiten zaie, etxean euskara erabiltzearen garrantzia azpimarratuz eta familia bakoitzaren hizkuntza biografiaren arabera diskurtsoa egokituz. Familia bakoitzari oparitzen zaizkio: Sehaska kanten CDa, liburuxka bat, kotxeko pegatina, hozkailuan jartzeko imana (eguneroko hitz/ esaldi erabilienak) eta Hazi Hezi aldizkaria.

MENDARO

Santana jaietako txupinazo egunean Udalbatza aretotik txupinazoa bota ondoren, familiei korporazioak ongietorria egiten die, haurrei lepozapia ipini eta guztientzat luntx bat eskainiz.
Maiatza inguruan ospatzen dute Atsolorra Oiartzunen. Haur jaio berria erroldatzera doazenean familiei opari poltsa bat ematen zaie eta bertan atsolorraren inguruko informazioa ere txertatzen dute. Horrez gain Otsaila aldera eskutitz bat bidaltzen da udaletik etxeetara izen ematea ireki eta lehen bilerarako data proposamenarekin, izan ere antolaketa udala eta familien artean egiten dute.
 
Ekitaldiaren egitaraua, berriz, urtez-urte moldatzen dute baina festa musika eta jan-edanaz girotutako festa ospatu ohi dute. Haurdunaldian edo erditu ondoren hildako haurren familiak ere omentzen dituzte ekitaldian.

Oñati

Oñatin, jaiak hasi aurreko larunbatean egiten da ATSOLORRA (Irailean). Denak pleno aretoan elkartu eta alkateak hitz batzuk esaten ditu. Jarraian emanaldia musikaz girotu eta haurrei zapiak ipintzen die zinegotziek. Behin haur guztiek zapiak dituztenean, plazara jaitsi eta ludoteka, tailerrak eta lehiaketak antolatzen dituzte, jai giroan, haur eta familientzako.

ORdizia

Herriko jaien (Santa Ana jaiak, uztaila) egitarauaren barruan antolatzen da ATSOLORRA Ordizian. hain zuzen ere haurren asteburuko larunbatean. Familiei ongi etorria instituzionala, zapi banaketa eta familia argazkia egiten zaie.

Otsaileko larunbat-igande goizean egiten dute Oreindeina jaio berriei ongi etorria.11:00 aldera hasten da ekitaldia, familiak udaletxe aurrean biltzen dira eta udaleko ordezkariek hitz batzuk irakurtzen dituzte ongi etorria emateko. Ondoren, ludotekako haurrek opariak banatzen dizkiete familia bakoitzari eta bertso bat abesten dute elkarrekin. Jarraian, zuhaitz bana landatzen du haur bakoitzak eta amaitzeko, hamaiketakoa egoten da.

URduña

Udazken arratsalde batean egin izan duten ekintza. Txokolatada, haurren izenak ezagutzeko tartea eta musikak osatu izan dute egitaraua.
Altzolorra
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, ahalik eta erabiltzaile esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieen informazioa zure nabigatzailean biltegiratzen da, eta hainbat funtzio betetzen ditu, hala nola gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzea.